
Mikel Azpirozek lideratu eta koordinatzen duen proiektua da Elkano Browning Cream. Azpiroz, musikari donostiarra, elkarlanean egindako beste proiektu batzuetan ibilia da, hala nola Lau Behi, Parafünk edo Matt Harding Project. Era berean kolaboratu izan du, bai diskoetan, baita zuzenekoetan ere, ondoko talde eta bakarlariekin: Negu Gorriak, Jabier Muguruza, Mikel Erentxun, Fermin Muguruza, Alex Ubago... Oinarrizko formatua organoko hirukotea da (organoa, gitarra, bateria), Mikelek bere egin baitzuen formatu hori Jimmy Smith, Richard "Groove" Colmes, Larry Goldings eta abarren grabazioak entzun eta gero.
Album honetarako Mikelek bi laguntzaile izan ditu: gitarran Matt Harding, Salt Lake Cityko musikaria eta baterian Franck Mantegari paristarra. Mikelek eta Mattek ibilbide musikal luzea egin dute elkarrekin, aspalditik lotzen dituen adiskidetasunaren pare. Bata zein bestea 1988an sartu ziren musikan, institutuko garaian Salt Lake Cityn sortu zuten banda batean, rock and roll klasikoko bertsioak interpretatzeko. Denbora asko joan da ordutik, baina distantziak eta bakoitzak bere aldetik dituen konpromiso profesionalek ez diete eragotzi elkarrekin kolaboratzea Matt Hardingen album eta tourretan. Harding musikari eta konpositorea da, eta bere ahotsa goretsi izan dute Taj Mahal edo John Lee Hooker bezalako artista konsakratuek.
Franck Mantegari Alpha Blondy reggae talde afrikarraren bateria izan da zortzi urtez. 2005ean Matt ezagutu zuen New Yorken, hara joana baitzen Paristik abentura musikal berrien bila. Kolaborazio ugari egin ditu, aipagarrienak Saint Germain, Luther Allison edo Massive Attackekin. Afrikatik jasotako eraginak eta berea duen erritmoaren zentzuak erabat aproposa egiten dute bere drumminga albumaren groovea dantzarako kutsakor bihurtzeko.
Hiru musikari hauek denbora asko igaro dute elkarrekin errepidean azken hilabeteotan, Matt Hardingen azken albuma aurkezten batetik bestera. Kontzertutik kontzerturako tarteetan grabatu dituzte Elkano Browning Creamen diskoa osatzen duten gaiak, leku oso ezberdin eta sarri exotikoetan, hala nola Shangaien (Txinan), Oremen (Utah, AEB) eta Donostian. Horretarako Mamusiken grabazio estudio ibiltaria erabili dute.
Lan honen argitaratzailea Mamusik zigilu diskografikoa da, Mikel Azpirozek sortu berria bere proiektu propioak nahiz bera sartuta legokeen beste batzuk kaleratzeko. Beraz, sortzetik argitalpeneraino lan independientea da erabat, hitzaren zentzurik benetakoenean, kanpoko inor tartean sartu gabe, protagonisten kezka sortzailearen aginduetara soilik. Banatzailea Border Dreams izango da, Espainiar estatuan nahiz nazioartean ere aritzen dena.